ABADIAKO NEKATOENEAN PDF fitxategia Inprimatu E-posta

ABADIAKO NEKATOENEAN

Lurrak planto egin dio itsasoari Hendaiako Santa Ana muturrean: “Ez zara inoiz honaino igoko”. Itsasoak amore eman duela dirudi; baina, ura, azkarra eta malgua izanik, hor ari da labarra ukitu, harkaitza busti, harria zipriztindu, hondarra igurtzi, danba eta jauzi, bultza eta itzuli, noiz-nola-nondik barneratu auzokoaren eremuan. Emaitza? Isileko itun bat: “zu hor eta ni hemen, baina, bat eginda”.

Paktu tazituak izan du eraginik denboran. Gainean, azpian eta inguruan etxea egin duten –dugun– haize, laino, euri, hegazti, zomorro, landare, abere eta giza abereok, horren adibide gardena.

Ni neu 2013ko udazken haizeak ekarri nau bertara.

Eskuz ireki eta itxi dudan ateak baimendu dit sarrera. Faisai buztan luze bat atera zait bidera, “e!, kontuz, jaitsi abiada!”. Kaio pare batek zabaldu dute berria 350 hektareatan barrena: “Hego aldeko idazle bat!” Ez naiz bakarra: “Artista bordelar bat duzu auzokide” xuxurlatu dit kardantxilo batek belarrira.

Behean hondartza erraldoia, goian muinoa eta zerua. Autoa, erdibideko aparkalekuan.

Tximeleta hori eta marroiak burruntzien lagun, zelaian; kaskabeltz handiak, mikak eta txolarreak hara-hona, adarrez adar. Sugandila bi hanka artean, sigi-saga. Zaldi bat datorkit bide bazterrera: “bon jour madame!”.

Era guztietako aberez lagunduta jo dut, bada, harrera-etxera.

Larretxea ez da leku handia, baina hiriko etxean bezain ondo sentituko zara bertan: kafea, infusioak, sagarrak, liburuak, mapak, botanika, geologia, biologia, izarrak, frantsesa, ingelesa, katalana, gaztelera, euskara… Zientzia, artea, lagunak eta solasa, denak leku berean.

Goian, etxearen alde batean, jatorri desberdinetako hamar lagun ari dira lanean, zientzia, ikerketa, kultura eta hezkuntza uztartu nahian. Etxearen beste erdian, berriz, etxez kanpoko guztia zaintzen duen guarda eta emaztea, lana bizimodu bilakatuta.

Eremu zainduaren izenak denboran txango egitera zarama: Abadia.

1810: Anton Abadia Urrustoi jaio da, Dublinen. Ama irlandarra du, aita zuberotarra, Ürrüstoikoa. Etxe oneko mutila izanik, etxe oneko eskola jasoko du Anton txikiak eta berezko jakin mina aseko du Anton gazteak. Ondorioz, nahi duena izateko aukera edukiko du Anton Abadia jaunak.

Geografia partikularrez esploratuko ditu munduko bazterrak; mineralen lagun, izarren kide, hizkuntza zaharren adiskide.

Harat-honat dabilela, Hendaiako baztertxo batera iritsiko da. Lur-muturrak itsasoari planto egin zion hartara. Igo da muinora, eman dio bira bere buruari, eta esan du ahaldunaren irmotasunaz: “hementxe, gaztelu bat”.

Maite duena izango du osagai: amaren ukitu anglosaxoia egituretan, munduaren aniztasuna objektuetan, izartegiaren handitasuna astronomia-behatokian eta Jaungoikoarenganako keinu bat, harrera ondoko kaperan.

Anton Abadiak hornitu du gaztelua barrutik, eta, atarira irten denean, jabetu da aspaldiko hotsez hartuta dagoela bere ingurua: “O, euskara!”

Euskarari heldu dio, bada, eta pentsatu du: “lema bat behar da sustrai bereko adarrak biltzeko”: Zazpiak bat.

Lore-jokoak antolatu ditu, sustraia elikatu eta adarrak hedatzeko: musika, dantza eta poesia.

Kanpokoek eta etxekoek lagundu diote. Gazteluko zerbitzariek ere bai, inon jasota geratu ez arren. Zerbitzariek ez baitute gazteluan lo egiten.

Zerbitzariek beheraxeago lo egiten duten, beraien etxean: neskameen etxean. Edo nahiago baduzu, neskatoen etxean edo Nekatoenean.

Berrehun urte beranduago, bertan igaro dut aurtengo urria.

Nekatoak ez zeuden. Baina haiek zapaldutako lur berak eutsi die nire oinei. Haiek ereindako hazietatik jaio dira, agian, aurrean ditudan sagastiak. Eta haien maindireak lehortzen zituen haize berak esan dit zer idatzi ordenagailuan.

Eta pentsatu dut: “Agian, gauez entzun ditudan olatuen ur berak itzartuko zituen, haiek ere, noizean behin, ilargi betez.

Nekatoak ez zeuden, baina beraien etxean itxi dut duela berrehun urte bizi izandako beste andre baten etxea.

Bizenta Mogel Elgezabal zuen izena. Ez zuen gaztelurik izan, ez zuen bidaiatu. Etxean ikasi zuen, etxean idatzi zuen, eta euskara hirian –ere– bizi zedin amets egin zuen.

Bizenta Mogelek 28 urte zituen Anton Abadia jaio zenean. Ez dakit batak bestearen berri izan zuten, baina planeta bera partekatu zuten 44 urtez.

Lur bera maite zuten; hizkuntza bere maite zuten.

Berrehun urte ondoren, bien alaba, nekatoen ahizpa eta babestutako eremu honen lagun sentitzen naiz.

Une honetan, zoriontsua naiz.

Mila esker.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Nekatoenea, 2013ko urriaren 31a

 

 
RocketTheme Joomla Templates