MOLLERUSSA.2014 PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Mollerussan (Lleidan) izan gara Leire Urbeltz irudigilea eta biok Haur eta Gazteentzako Liburuen Saloian, Galtzagorri Elkartearen bitartez eta Etxepare Institutuak lagunduta.

Aurtengoa 30. edizioa zen. Saloia apirilaren 27an hasi zen eta hamabost egunez luzatuko da. Bertan, 4.500 liburu inguru daude haurrek irakurtzeko. Irudigileen erakusketa bat ere badago eta egunez egun hainbat ikastetxe pasatzen da liburuak irakurri, erakusketok ikusi edota, gu bezala, bertaratu diren idazle-irudigileekin hitz egiteko edota harira datorren antzerki-emanaldiren bat ikusteko: goizez eta arratsaldez, inguruetako eskola umeentzako bisita gidatuak egiten dituzte eta iluntze eta asteburuetan nahi duen edonor hurbil daiteke bertako liburuak, irudiak edota erakusketak dastatzera.

Leire eta biok astearte gauez iritsi ginen Mollerussara, eta biharamun goizean bi saio egin genituen 8-10 urte bitarteko haurrekin, bion artean sortutako Itzalpetik! (Erein, 2010) eta Amarunen alamandrea (Mezulari, 2009) liburuen inguruan. Leirek zuzeneko marrazkiak egin ahala, nik aurrena gazteleraz azaldu nituen ipuinok, liburuko irudiez lagunduta, eta, ondoren, euskaraz irakurri nizkien, hitz edo esaldi esanguratsuenak haurren ahotan jarriz. Haurrek primeran pasa zuten euskarazko partaidetzarekin eta galdera gehiago erantzuteko gosez bukatu genituen bi saioak. Leirek delako ipuin edo album ilustratuon irudi originalak eraman zituen eta horrek ere asko lagundu zuen saiootako giroa berotzen.

Saloia oso ondo antolatuta dago, bai egitura aldetik, bai gune ezberdinak bereizteko erabili duten trebeziagatik. Adinka banaturiko txokoak ondo giroturik daude eta jendea gustura etzaten da lurrean liburuak ikusteko edo irakurtzeko.

Aurten, gunearen erdi-erdian kokaturiko anfiteatro eder baten aurrean aritu gara eta, esan bezala, di-da batean joan zaigu eguna.

 
RocketTheme Joomla Templates