HASIERAREN HAZIA PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Durangoko azoka, 2017-12-06. Inaugurazio ekitaldia. 12:00

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

MUSIKA


Sormenaren lurraldea Genesia da. Aldiko mundualdia uneko nahietara berregiteko  jokoa.


Hasieran, biluzik zegoen dena. Lurrik gabeko landa zirudien herriak. Hormarik gabeko etxea, auzoak.

Soingainekorik gabeko gorputza, kaleak.

Gelditzeko parada behar zela-eta, lurra asmatu zuen norbaitek.

Berotzeko lekua behar zela eta, hormak egin zituen beste batek.

Arimak ez uxatzeko estalkia behar zela-eta, soingainekoa asmatu zuen hirugarren batek.

Eta josten hasi ziren denak.

 

(Jostorratza eta haria, 1996)



Sormenaren lurraldea DA jarrera bat eta bidean deskubritzen duzun gainontzekoa. Mundua irakurtzeko modu bat, gero berriro idatzi, marraztu, musikatu, zizelkatu edo antzezteko guraria.

Sormenaren lurraldea DA nitik abiaturiko ni desberdinen arteko gu-a eta guztien artean eratzen dugun eguna.

Sormenaren lurraldea DA zalantza galanta eta sinesmen apur bat. Aditz sinple eta konposatuen gorputza, adjektiboen zigiluz eta izenen errubrikaz egiaztatuta.

Sormenaren lurraldea DA izan zirenen zelaia eta datozenen baratza. Garenon ispilu osteko sala. Isildutako ahotsen pendraive-a, hitzik gabekoen faxa, forma amorfoen artxiboa, doinu ezezagunen eskanerra.


Hizkuntza arrotzez hitz egingo dizut

hizkuntza arruntek arrozten dutena

ezagun egin dakizun.

 

(Off-on, 2008)

 


Sormenaren lurraldeko ezkaratzean dena dago egiteko, dena dago egitear. Han dena da egingai, dena moldagai.

Norbera ikasle, irakasle, hezitzaile, ekintzaile. Norbera apurtzaile eta gauzatzaile.

Norbera suntsitzaile edota exekutatzaile.


Emadazu arkatza

urmaela margo dezadan

anpolai gorrien ondoan.

Emadazu papera

harria

harea…

…Nazan urak erein

nazan lurrak edan.

Nazan.

Zaitzadan.

 

(Hitzen Uberan. 2010)

 


Sormenaren lurraldea miatu gabeko planeta bat da. Izar aldra propioa dauka eta urtaro-segida aldakorra.


Inork agintzen ez didalako dut maite, maite dudana.

Inork agintzen ez didalako ditut gau ilunak eta bide galduak maite.

Mapa marra gabeak, egunsentiko hegaberak,

izaren zimurdura, katuen murmurioa,

soka etxekoietan eskegiriko gutiziak,

begirada arrotza zaien mutikoak,

eta zure itzala,

zure itzal hutsala ere horregatik bakarrik maite dut.


(Off-on, 2008)



GPSa iristen ez den eremuan mugituko zara sormenaren lurraldera iristen zarenean.

Haizetetik babesteko modua aurkituko duzu, nahiz eta urakanik handienarekin topo egin dezakezun bertan zabiltzanean, zurrunbilo xurgatzaile eta guzti, olatu zanpatzaile eta guzti.

Inoiz ez baitakizu norantz eroan zaitzakeen sormenaren lurraldeko korronte biziak, askotan eremua bera bihurtzen delako maremoto.

Maremoto.

Euskaraz, itsasikara.

Ikara. Itsasoaren ikara…

Sormenaren lurraldea ura delako.

 

 

DANTZA

 


Hasierako ura. Ozeanoa. Planeta urdinaren urdin-gunea. Zdanga!


Kaioei esker jakin genuen

etxetik hurbil geundela, jada,

itsasoa laino egon arren

nigandik

zugana.

 

(Hitzen Uberan. 2010)

 


Besakada bakoitzak norabide berria hartzen du sormenaren lurraldean.

Haize-lasterrak harat-honat barreiatzen zaitu baina ihesbidea aurki-leku bilaka daiteke, bat-batean.

Sormenaren lurraldea nahi ororen putzu eta daitekeen guztien urmaela delako.



Aske onartu nahi ditut neure erabaki guztiak,

jakinaren gainean, nire ahalmena beti izango dela nire desioaren eskuko hatz txikia;

jakinaren gainean, nire nahiak zerumuga baino harago jarrita daukala begia.

Libre aukeratu gura ditut neure bizitzako bideak;

jakinaren gainean, askatasuna maite arren, geure kateez maitemindu ohi garela bizidunak.

Lokabe jaso nahi ditut mareak oparitzen dizkidan olatuak;

txanparako aukera direnak, nahiz, azpitik, gainetik edo ertzetik saihestu beharrekoak.

Berjabe bizi nahi ditut eman –ezarri– zaizkidan segundo, minutu eta orduak;

horixe baino ez direlako,

behin iraungi ondoren,

molde berean piztu ezin diren pospoloak.


(Uretan legez. 2007)

 


Sormenaren lurraldea haurtzaroa da.


Tik-tak,

goi-goian,

tiki-taka orratzek!

Din-don,

behe-behean,

dinbi-danba kanpaiek!


(Begigorritarren erlojua. 1992)

 

KIKURA-BIKURA

LAKIRIKON,

XIKULA-BIKULA,

UNKALAPON


(Herrikoia)


KULUN-KULUN, KULUN-KULUN KULUN-KULUN

KUTTUNA,

GURA BADUZU,

GURA BANAUZU,

NEU IZANGO NAIZ ZURE KUMA.

KULUN-KULUN, KULUN-KULUN, KULUN-KULUN,

KUTTUNA

 

(Kulun-kuttunak, 2016)

 

 

Haurtzaroa da, bai, sormenaren lurraldea. Izan zinena eta izatera heldu ez zinena. Itzulerako tiobiboa, jandako mantekadua, soineko-barren askea. Galdutako zapata-lokarria, sutara jaurti zenuen txupetea, kika jausien loraldia: Maria gona gorria, eutsi hagin zaharra eta ekarri barria! Batzen zintuen altzoa, lehortzen zintuen toalla, samako medaila. Natilla ala ahia? Lurruna. Eraztuna. Kuttuna. Neuk dauket! Neuk dauket! Neuek dauket! Zuk zeneukana neuk daukat orain.

Sormenaren lurraldea iragana da, oraina da, geroa da.

Dena da.


 

Badakizu? Kanpoko begiek bikiak dituzte barruan. Ez dakit irisik edota ninirik badaukaten, ez dakit

malkorik isurtzen duten ere, baina egon badaude, eta, ondorioz, izan ere badira, zeregin zehatz eta garrantzitsuak

betetzen dituztelako. Agerikoek uneari erreparatu ahala, ezkutukoek jasotakoa gorde eta aurretik bildutakoarekin

lotzen dute, askotan, usain, hots eta guzti, halako txoko berezi batean, erdi ganbara erdi biltegian, eta, orduan,

zerbait gogoratu nahi dugunean, txoko berezi horietako begi gorde horiek zabaltzen dira klak!, eta iraganeko hura

ikusten dugu berriro, eta berdin gertatzen da norbaiti pasatutakoa geureganatzen dugunean ere, entzun, ikusi,

sentitu, dastatu, ukitu edo irakurritako hura txoko berezi horretan sartzen da eta bertako begiekin ikusten dugu,

ia-ia, guri geuri jazo izan balitzaigu bezala, eta horrela lortzen dugu behin edo behingoa asmatzea ere, txoko berezi

horretan aterik gabeko bi gelaxka daudelako elkarrekin lanean, elkarrekin paseatzen, bata Oroimen izenekoa,

bestea Irudimen.


(Behinola, 2011)

 

DANTZA

 

Sormenaren lurraldea amaren etxea da.

 

Gure amak dena josi, errepasatu eta konpondu du etxean: seme-alaben eskolako amantalak eta haserreak, aita-semeen tailerreko buzoak eta liskarrak,

auzokoen kremailerak eta tristurak…

Noizean behin, Corte-Inglesean erositako soinekoa ekarri izan dio norbaitek estuegi daukala-eta, mesedez, mozteko.

Halakoetan, denda handietako jostun gisa aritu da barrena hartzen, pozik, patroia kopiatuz, alabei soineko berri bana egiteko hurrengo udaberrian.

Gerra ostea ezagutu zuelako-edo, beti aritu da konponketan: ezkontzako trajea soineko, soinekoa gona, gona trapu, trapua lazo, eta lazoa, tomate parrari lotzeko soka.

…Periodiko paperetan batzen zituen soineko berriak, orratzekin ertzak lotuta, blok orrian faktura, “echura” hatxe barik, total: 500 pesetas, edo bostehun pezeta…


(Jostorratza eta haria, 1996)

 


Sormenaren lurraldea aita zenaren bisita da.


 

Aitak argia piztu dit bart. Artista heldu baten antza zeukan, oraingoan, jeinu baten jenio bizia,

begietan. Zuritutako ileaz eta urdindutako bizarrez begiratzen zidan, eta bolumena jaitsi izan baliote

bezala, ezpain-jera eta mugimendu mutuez mintzatu zait.

Nik ondo ulertu diot, ordea, bonbardinoa jotzera doala esan dit, eta alde egin du, ezkerreko

hanka tatarrez daramala.

Oteiza ere hor nonbait dabilela esan diot, puru bana erretzeko afal ostean, Soberano kopa banaz

lagunduta. Ea Errealak eta Athletiak zer egiten duten…

…Eta Laboa ere gonbidatzeko, erdi bakarrik ibiliko dela-eta…


(Off-on, 2008)

 

Sormenaren lurraldea basoa da.

 

Maletak egin ditu enara arruntak iraila amaieran.

Zubipeko txuloa utzi eta azkar hegaldatu da,

ohi duen bezala,

segail, fin eta delikatu,

kume, kide, neba-arreba eta auzokoen atzetik

hego alde epelerantz.

Artean, jabetu ez arren,

gorantz begira utzi du, ordea,

beheko erreka txokoan aspaldidanik bizi den

lamia.

Lamiak

urpeko kristal ostetik jarraitu ditu

enararen gorabehera eta atzera aurrera guztiak,

enarak,

arrunta izanagatik,

inoiz berezitzat jo ez dituenak.

Orain, ordea,

ur laster akituaren murmurio ahulduarekin bakarrik geratu denean,

lamia doanari begira geratu da

gaur arte, ondo-ondoan eduki duen lagunari

esan ez dizkion esanen

damu isilean.

 

(IdatzMintz – Literatur atalen sorta 56)

 

 

Zenbaitetan, bidaiak harago doaz, ordea, eta, orduan, basoa oihan bihurtzen da.


 

Tigre bikiak erne zaizkit burkoan

oihanera narama batak

sabanara, besteak.

Lehoi bikiak erne zaizkit izarapean

zilborra urratzen dit batak

paparra miazkatzen, besteak.

Pantera bikiak jaio zaizkit ohepean

zer erpa zorroztu

agintzen didate

egunsenti bakoitzean.

 

(Off-on, 2008)

 

 

Basoa, oihana, eta tarteka basamortua. Hori ere badelako sormenaren lurraldea…

 

 

Libra gaitezen

aldi batez,

bata bestearen isletatik,

atseden har dezagun

elkarren pentsamenduetan,

gose gaitezen

itzulera etxekoi bati atxikirik,

gal gaitezen bakoitza bestearen

ezinetan.

 

(Off-on, 2008)

 

 

Aldiz, basamortua ez denean, oihana ez denean, basoa ez denean, sormenaren lurraldea basatza da.

Uxatu ezin diren egia txikien estolda. Ai!

Benetakoa izan gura baduzu, sartu basatzan oina, ai!, berna, ai!, izterra, ai! sartu mokorrak, puxika, bagina edo zakila, ai!, sartu ipurdia, sabela, bularrak, paparra eta lepoa, ai, ai, ai!, sartu besoak, eskuak eta hartu arnasa.

Hartu arnasa. Eta entzun dinba-danba bihotza. Hortxe dago zarena eta izatera ausartzen ez zarena, bata bestearekin auskan, askotan.

 

Salba nazazu

eremu arrotz honetatik

Lur emadazu

hilotz bihurtu baino lehen

Atxiki nazazu

erabat ezabatu orduko

Besarka nazazu

une batez

ahantz dezadan

zer aske naizen!

 

(Off-on, 2008)

 

DANTZA

 

Hala ere, eta gauza guztien gainetik, gutariko askoren sormen-lurraldea mundua da.

Hala ere, eta beste gauza askoren ondotik, sormenaren lurralde gure hori, euskara da.

 

 

Ohatze bat egin dut

lumazko asmoak atontzeko

haizete ospela eztitzeko

harrapari gosetia hormatzeko

aditz konposatu batekin

hitz xume bat erruteko:

gu.

 

(Argitaratu gabea)

 

 

Euskarak ematen digu seilua. Euskarak ematen digu tonua, tempoa, akordea.

Euskaratik abiatzen gara, euskaradunak jomugan eta euskara bakoak atezuan ditugula.

Mugaz gaindi sortzen dugu, ezagunak eta ezezagunak bihotzean eta buruan hartuta, erdibana.

Ospakizunetarako deitzen digute, deitzen diguzue, azoketan gure lanak erakusteko, jatorriaren isla.

Lanak itzuli (askotan norbere kontura) eta poztu egiten gara,

gutaz akordatu direlako, gutaz akordatu zaretelako,

eta geure onena ematen saiatzen gara, ez dakigulako noiz iritsiko den hurrengo gonbita.

Noizean behin, sariren bat edo beste jasotzen dugu.

Eta etxekoak eta ezagunak asko pozten dira

eta egunkarietako orriak eta argazkiak mozten dituzte gordetzeko,

eta kaleko ezagunek izenez agurtzen gaituzte, zorionak emateko.

Eta gu,

izan ginen haurra domeketako zapatekin bezalaxe sentitzen gara,

baina, gero, iluntzean, etxera itzultzen garenean,

honako hau idazten dugu, ohe ondoko libretan,

argi txikia amatatu baino lehen.

Ez ahazteko:

 

 

Batak ez dezala bestea ordezkatu; ez zentro komertzialek denda txikia, ez janari azkarrek babarrun

platera, ez garapen aurrerakoiak zentzu komuna.


Batak ez dezala bestea estali; ez egitura sendoek bat-bateko jarduna, ez musika ozenak isiltasun biluzia,

ez arrazoi argiak irudimen zabala.


Batak ez dezala bestea ezabatu; ez etorkizun lotuak une askea, ez asmo betegarriek zalantza hauskorra,

ez ilusio kateatuek halabehar oparoa.


Batak ez dezala bestea zapaldu; ez lelo kolektiboek iritsi propioa, ez egia borobilek zalantza aberatsa, ez

ordenadore argiek arkatz punta kamutsa.


Batak ez dezala bestea ezeztatu; ez zerrenda gidatuek hautaketa askea, ez marka distiratsuek ezkutuko

mezua, ez azal koloretsuek mami goxoa.


Batak ez dezala bestea mututu; ez opari paperak opariaren xarma, ez ilusio definizioek barre algara, ez

maitasun kontzeptuek azalaren usaina.

 

(Uretan lez, 2008)

 


Sormenaren lurraldean erosleak daudelako, saltzaileak daudelako, banatzaileak daudelako, bitartekariak daudelako. Baina sormenaren lurraldean bizi, bizi-bizi, sormenaren lurraldean sortzaileak bizi garelako.

Sortzaile ofizialak, praktiketan ari direnak, lanaldi osokoak, egun erdiz aritzen direnak, asteburutakoa edota aste santu eta udako oporretakoak. Sortzaileak.

Sal-erosketa-truke-banaketa-zabalkunde-heziketa-kultura-ondare-produzio- sail segidaren lehen katebegia.

Sortzaileak. Zeinek bere galbahetik iragazten du egunak emandakoa  bihar berriro egunari itzultzeko edertasun esanguratsuan. Larrua darabilgu iragaztontzi. Burmuina, bihotza, azala eta erraiak, lan-tresna.

Eskarmentua dugu lagun, baina hasiberriak gara… hasten garen bakoitzean.

 


Badira bi begi barrutik ikusten laguntzen didatenak.

Bada sudur bat barrurantz usaintzera bultzatzen nauena.

Badira bi belarri barrukoa entzuten saiatzen direnak.

Bada arnasa bat barrua arnastera naramana.

Inspirazioa omen.

Ez da beti etxean egoten.

 

(Off-on, 2008)

 

 

Sormenaren lurraldea, kate-begiaren aurreneko begia, ez-lekua delako beti, zereginari ekiten diogun aldi bakoitzean.

 

 

Batzuetan etxetik alde egin beharra daukat

utzitako hartan

zelan nengoen

zelakoa nintzen

begiratzeko.

Batzuetan herritik alde egin beharra daukat

utzitako hartan

zertan nenbilen

zer gura nuen

gogoratzeko.

Batzuetan zuengandik aldendu beharra daukat

aurkitu dudan leku honetatik

–neuretik? –

etxera,

herrira

besteengana

–berriro–

itzultzeko

 

(Off-on, 2008)

 

 

Haatik, hautazko aberritzat daukagu sormenaren lurraldea. Ez da dei egin digula bertaratzeko, baina

ia-ia. Bizitza biderkatzen digu eta existentziari zuku gehiago ateratzen diogu bertan gabiltzanean.

Kontzeptu estatikoak irauli eta egunari begi berrituez begiratzen ikasten dugu berari esker.

Ezina baietz bilakatzen. Berriro izaten. Zuengana gerturatzen.

 

 

Maite nazazu gaur bertan erne den bitxilorea banintz bezala;

lur larregirik bota gabe, eguzki zuzenetik apur bat albora eginda.

Maita nazazu, gaur jaio eta bihar -edo asko jota etzi-

desagertzera doan lau orriko margarita bat banintz moduan.

Ez nazazu gehiegi ureztatu, ezta sobera abonatu ere;

ito edo erre egin naiteke, bestela.

Ez nazazu sar lorontzi estuegian, baina ezta lur eremu lar zabalean ere,

ondoan izan dezadala itzal lagun edo argi izpirako aukera.

Ez nazazu igo gorengo apaletara, baina ezta zuloan zokoratuta utzi ere,

ahuldu egingo nintzateke-eta.

Hitz egidazu. Hitz egidazu lorezaintza manualetako adituek aholkatzen duten eran;

goxo, samur, neure alderik onenak azaleratuz.

Eta galdetu zer behar dudan.

Galdetu zer behar dudan eta eduki nazazu gogoan,

zure ordenadore partikularra pizten duzun goizeroko erritualean.


(Off-on, 2008)

 

 

Sormenaren lurraldea barne bulkadez jalgi ohi delako, ezina ekin bilakatuta.

 


Sortzea sinestea bada, sortu egin nahi dut

sinestea sortzea bada, sinetsi egin nahi dut

eta, bitartean, behin eta berriro, bizi…


...HASIERAREN HAZIA…

 

SORMENAREN LURRALDEA DA!


DANTZA

 

 
RocketTheme Joomla Templates